2015(e)ko abenduaren 22(a), asteartea

Horra hor, Gure Olentzero!


Nahiz eta datuak egunero aldatu, gure ikazkinaren ibilerak baditu  bai zenbaki batzuk Interneteko mundu birtualean. Sareko bilatzaile arrakastatsuenak, Googlek, 440.000 emaitza bueltatzen dizkigu, bilatzaileko laukitxoan Olentzero hitza tekleatzen badugu eta gutxiago, noski, beste aldaera batzuk aukeratzen baditugu: Olentzaro, Olentzago, Orantzaro, Onontzaro, Onentzaro ,...

Interneten hamaika aipamen daude, euskal kondaira honen inguruan: haurrentzako gutunak, postalak, bideoak, lan didaktikoak, artikulu zientifikoak, jolas interaktiboak, eztabaida etnografikoak...Hobe dugu Olentzeroren Interneteko arrastoa hemen uztea, ustekabean egoera konprometitu batean harrapatu baino lehen!

Ikusitako irudi, eduki eta informazioen arabera, badirudi Olentzeroren mitoa askotan Euskal Herriko Papa Noel gisara moldatu nahi dugula, azken urteotako globalizazioaren edo amerikanizazio kulturalaren eraginez; Interneten begiratu besterik ez dugu!

Ezer gutxi geratzen zaigu, mende hasierako Olentzero eskale, mozkor eta zakar hartatik. Euskal Herrian desagertzen ari den susmoa dut, azken urteotan hedatu den Olentzero zintzo, garbi eta eskuzabalak lekua hartu diola dirudi. 


Egia da bilakaera handia izan duela Lesakan jaio eta Iruñean plazaratu zen pertsonaia honek. Hasieran, Frankismo garaiko urteetan debekatuta egon zen, euskal abertzaletasunaren ikur kontsideratzen zutelako. Gero, 1956an Iruñean aurkeztu zuten, lehen aldiz, eta hamarkada hartan Euskal Herrian zabalduz joan zen tradizioa; neurri handi batean, ikastolen gizarte-mugimenduari esker.

Ni oso pozik nago Gabonetako geure sinboloa badugulako, baina hasierako pertsonaiak eta gaur egun ospatzen dugunak antz gutxi dutela ere esan behar dut. Olentzeroren mitoa oso lotuta egon da naturarekin, euskaldunok mendeetan hala bizi izan baikara. Nahiz eta gaur egun asko hiritartu, bere jatorrian neguko solstizioarekin lotutako errito bat zen, hau da eguzkiaren etorrerarekin! Gero, ordea, eliza katolikoa hartaz jabetu, eta Olentzero mesiasen berriemaile bihurtu zuen, bide batez, Olentzero kristautuz; nire ustez, okerrerako!

Gazte eta helduen ohitura zena, haurrei begira egiten hasi zen gero. Askok, Olentzero euskalduntzat eta Erregeak espainoltzat hartu, eta buruz buru jarri izan dituzte eta jartzen dituzte. Lehia horretan, ordea, orain ere haurrak garaile, opari bikoitza izaten baitute.

Hurrena bikotea bilatzea izan da: Mari Domingi dugu emakumezko pertsonaia berria. Olentzerorekin batera ekartzen omen ditu opariak edo gutxienez laguntzen dio. Mari Domingi nor zer ez dugu oso garbi, baina Olentzero gizonezkoa denez, berdintasunaren bidean emakumezko pertsonaia bat jarri behar izan diogu. Baina hau beste eztabaida bat da!

Telebistak, berriz, pipa kendu dio, ez baita batere itxura onekoa, erretzeko debekuen aroan haurren aurrean “pipa ortzian duela” ibiltzea. Eta, jakina, Bilboko Olentzero berritzaileak, ez ardo botilarik eta ezta arrautzarik ere. Hemendik aurrera geratzen zaiguna da, dietan jarri, gorputz lirain eta tripa handirik gabe, Gutagutarrak telesailean agertzea, bere izen txarra ezabatzeko.

Oraindik badugu lana Olentzero hau otzantzen! Egia da ohiturak moldatu, egokitu eta erabiltzean aldatu egiten direla. Beharrezkoa izaten da, ohitura zaharrak eta tradizioa bizirik irauteko modernizazio dosi batzuk gehitzea, baina garrantzitsua da, era berean, geure ondareari eustea.

Gaur egun, hiritarrak ez gaude naturarekin hain lotuta, baina gustatuko litzaidake haurrei gure ospakizuna azaltzen diegunean hau guztia ere transmititzea. Jakina, ez dugu ahaztu behar hau biltzen duen magia eta euskaldun-sena. Beraz, sortzen ari garenaz pentsatuz eta izandakoari ere begiratuz ospatzea nahi nuke; eta ez janzkera, moda, kontsumo, interes eta abenduko joera estilistikoen araberako panpin bakarrik bihurtzea.

Aiurrin argitaratua, 2015-12-22

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina