2015(e)ko ekainaren 5(a), ostirala

Amaitu dira hauteskundeak!

Amaitu dira hauteskundeak! Atariko gutunontziak hustu, irrati-telebistako derrigorrezko spotak amaitu eta ez ditugu alderdi politikoak gehiago sare sozialetan kukuka entzun behar. Politikarien egun hauetako diskurtsoetan hitz hutsak, itxurakeria eta marketin politikoak nagusitu zaizkigun sentsazioa dut. Hori dela-eta, pertsona asko aspertuta azaldu gara behin eta berriz errepikatu dizkiguten betiko kalapitak entzuteaz; beste batzuk, aldiz, inplikazio politiko handiz bizi izan dituzte une hauek. Kanpainek, kanpai! eragiten dute, bai jarreretan bai eta jokabide politikoan ere.


Hauteskunde hauei erreparatuz gero, bozkatzeko garaian jarrera oso ezberdinak izan ditugu. Horren adierazle izan da herritarrek alderdi desberdinei bidalitako mezua: aniztasuna izan da nagusi hauteskunde hauetan, hau da, ez gara homogeneoak. Aitzitik, begirada ezberdinak daude gure bizitzetan, batzuen eta besteen artean, eremu sozial askotarikoak, iritziak, bizi-baldintzak, zaletasunak, kezkak eta pentsaerak. Mosaiko konplexua osatzen dugu gizartean. Zenbat buru hainbat aburu!

Hemendik aurrera, herri askotan, politika egiteko eta akordioak lortzeko modu eta helburu desberdinak topatuko ditugu. Halaz ere, bizitza publikoa antolatzeko orduan, politikak garrantzi handia duela onartzeak ez du lausotzen kritiken edukia. Politikaren eta politikarien itzal luzea nabarmenduz joaten da lau urteen amaiera gerturatu ahala. Badirudi herritarrak boto bat besterik ez garela. Herritarren eta norbanakoen hitza kontuan hartuko dela esan, eta, politikariek ardurak hartu ahala, alderdiek irensten dituzte eta hegoak moztu. Gizarte-kezkak dituen boluntario bat izatetik, alderdi politikoaren esklabo bihurtzen dira. Eta horrek mesfidantza kronikorako bideak zabaltzen dizkie herritarrei.

Desberdintasunak desberdintasun, ordea, badago nolabaiteko oinarri komun bat, nolabaiteko orube komun bat: etorkizuna. Gizarteak etorkizuna irudikatzen duenean, batez ere, itxaropenari eta oparotasunari eutsi ahal izateko nahia nagusitzen da. Eta kezka horrek eramaten gaitu bozketetan parte hartzera eta sistema antolatzen inplikatu nahi izatera.

Datozen lau urtetarako, joera berriak ageri dira egoera politikoan. Hala ere, irabazi nahiz oposizioan egon, bada guztientzat lan egiteko aukera Udaletan edo Foru Aldundian. Zintzotasuna eskatzen diet politikari guztiei, garaile direnei eta ez direnei. Ongizate publikoa ardatz izanik, entrega, sakrifizioa, malgutasuna, borondatea, elkarlana eta antzeko hitzak edukiz beteta nahi ditut, datozen urteotan, haien aho eta jardueratan. Dena den, politikarien eskuetan botere handia biltzen dela iruditzen zait, baina, ongi dakigunez, hauteskundeak ez dira tresna bakarra gizartea aldatzeko. Nire ustez, gizartearen inplikazioa gero eta tresna eraginkorragoa da eraldaketarako.

Pozten nau pentsatzeak, hainbeste alderdi desberdin egotean, guztiok izan dugula zerbait bozkatu eta erabakitzeko aukera. Gure egunerokoan lasaitasuna, apaltasuna, presarik eza, begirunea, parte-hartzea, enpatia eta antzeko hitzak txertatzen joan beharko gara. Eta aniztasun horretatik abiatuta, ea lortzen dugun herritar guztiak askoz eraikitzaileagoak izatea, etorkizuna osatzen joateko. Hala, herria anitzagoa eta aberatsagoa izango baita!

Aiurri Aldizkarian Argitaratua, 2015-06-05

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina