2015(e)ko abenduaren 22(a), asteartea

Horra hor, Gure Olentzero!


Nahiz eta datuak egunero aldatu, gure ikazkinaren ibilerak baditu  bai zenbaki batzuk Interneteko mundu birtualean. Sareko bilatzaile arrakastatsuenak, Googlek, 440.000 emaitza bueltatzen dizkigu, bilatzaileko laukitxoan Olentzero hitza tekleatzen badugu eta gutxiago, noski, beste aldaera batzuk aukeratzen baditugu: Olentzaro, Olentzago, Orantzaro, Onontzaro, Onentzaro ,...

Interneten hamaika aipamen daude, euskal kondaira honen inguruan: haurrentzako gutunak, postalak, bideoak, lan didaktikoak, artikulu zientifikoak, jolas interaktiboak, eztabaida etnografikoak...Hobe dugu Olentzeroren Interneteko arrastoa hemen uztea, ustekabean egoera konprometitu batean harrapatu baino lehen!

Ikusitako irudi, eduki eta informazioen arabera, badirudi Olentzeroren mitoa askotan Euskal Herriko Papa Noel gisara moldatu nahi dugula, azken urteotako globalizazioaren edo amerikanizazio kulturalaren eraginez; Interneten begiratu besterik ez dugu!

Ezer gutxi geratzen zaigu, mende hasierako Olentzero eskale, mozkor eta zakar hartatik. Euskal Herrian desagertzen ari den susmoa dut, azken urteotan hedatu den Olentzero zintzo, garbi eta eskuzabalak lekua hartu diola dirudi. 


Egia da bilakaera handia izan duela Lesakan jaio eta Iruñean plazaratu zen pertsonaia honek. Hasieran, Frankismo garaiko urteetan debekatuta egon zen, euskal abertzaletasunaren ikur kontsideratzen zutelako. Gero, 1956an Iruñean aurkeztu zuten, lehen aldiz, eta hamarkada hartan Euskal Herrian zabalduz joan zen tradizioa; neurri handi batean, ikastolen gizarte-mugimenduari esker.

Ni oso pozik nago Gabonetako geure sinboloa badugulako, baina hasierako pertsonaiak eta gaur egun ospatzen dugunak antz gutxi dutela ere esan behar dut. Olentzeroren mitoa oso lotuta egon da naturarekin, euskaldunok mendeetan hala bizi izan baikara. Nahiz eta gaur egun asko hiritartu, bere jatorrian neguko solstizioarekin lotutako errito bat zen, hau da eguzkiaren etorrerarekin! Gero, ordea, eliza katolikoa hartaz jabetu, eta Olentzero mesiasen berriemaile bihurtu zuen, bide batez, Olentzero kristautuz; nire ustez, okerrerako!

Gazte eta helduen ohitura zena, haurrei begira egiten hasi zen gero. Askok, Olentzero euskalduntzat eta Erregeak espainoltzat hartu, eta buruz buru jarri izan dituzte eta jartzen dituzte. Lehia horretan, ordea, orain ere haurrak garaile, opari bikoitza izaten baitute.

Hurrena bikotea bilatzea izan da: Mari Domingi dugu emakumezko pertsonaia berria. Olentzerorekin batera ekartzen omen ditu opariak edo gutxienez laguntzen dio. Mari Domingi nor zer ez dugu oso garbi, baina Olentzero gizonezkoa denez, berdintasunaren bidean emakumezko pertsonaia bat jarri behar izan diogu. Baina hau beste eztabaida bat da!

Telebistak, berriz, pipa kendu dio, ez baita batere itxura onekoa, erretzeko debekuen aroan haurren aurrean “pipa ortzian duela” ibiltzea. Eta, jakina, Bilboko Olentzero berritzaileak, ez ardo botilarik eta ezta arrautzarik ere. Hemendik aurrera geratzen zaiguna da, dietan jarri, gorputz lirain eta tripa handirik gabe, Gutagutarrak telesailean agertzea, bere izen txarra ezabatzeko.

Oraindik badugu lana Olentzero hau otzantzen! Egia da ohiturak moldatu, egokitu eta erabiltzean aldatu egiten direla. Beharrezkoa izaten da, ohitura zaharrak eta tradizioa bizirik irauteko modernizazio dosi batzuk gehitzea, baina garrantzitsua da, era berean, geure ondareari eustea.

Gaur egun, hiritarrak ez gaude naturarekin hain lotuta, baina gustatuko litzaidake haurrei gure ospakizuna azaltzen diegunean hau guztia ere transmititzea. Jakina, ez dugu ahaztu behar hau biltzen duen magia eta euskaldun-sena. Beraz, sortzen ari garenaz pentsatuz eta izandakoari ere begiratuz ospatzea nahi nuke; eta ez janzkera, moda, kontsumo, interes eta abenduko joera estilistikoen araberako panpin bakarrik bihurtzea.

Aiurrin argitaratua, 2015-12-22

2015(e)ko ekainaren 5(a), ostirala

Amaitu dira hauteskundeak!

Amaitu dira hauteskundeak! Atariko gutunontziak hustu, irrati-telebistako derrigorrezko spotak amaitu eta ez ditugu alderdi politikoak gehiago sare sozialetan kukuka entzun behar. Politikarien egun hauetako diskurtsoetan hitz hutsak, itxurakeria eta marketin politikoak nagusitu zaizkigun sentsazioa dut. Hori dela-eta, pertsona asko aspertuta azaldu gara behin eta berriz errepikatu dizkiguten betiko kalapitak entzuteaz; beste batzuk, aldiz, inplikazio politiko handiz bizi izan dituzte une hauek. Kanpainek, kanpai! eragiten dute, bai jarreretan bai eta jokabide politikoan ere.


Hauteskunde hauei erreparatuz gero, bozkatzeko garaian jarrera oso ezberdinak izan ditugu. Horren adierazle izan da herritarrek alderdi desberdinei bidalitako mezua: aniztasuna izan da nagusi hauteskunde hauetan, hau da, ez gara homogeneoak. Aitzitik, begirada ezberdinak daude gure bizitzetan, batzuen eta besteen artean, eremu sozial askotarikoak, iritziak, bizi-baldintzak, zaletasunak, kezkak eta pentsaerak. Mosaiko konplexua osatzen dugu gizartean. Zenbat buru hainbat aburu!

Hemendik aurrera, herri askotan, politika egiteko eta akordioak lortzeko modu eta helburu desberdinak topatuko ditugu. Halaz ere, bizitza publikoa antolatzeko orduan, politikak garrantzi handia duela onartzeak ez du lausotzen kritiken edukia. Politikaren eta politikarien itzal luzea nabarmenduz joaten da lau urteen amaiera gerturatu ahala. Badirudi herritarrak boto bat besterik ez garela. Herritarren eta norbanakoen hitza kontuan hartuko dela esan, eta, politikariek ardurak hartu ahala, alderdiek irensten dituzte eta hegoak moztu. Gizarte-kezkak dituen boluntario bat izatetik, alderdi politikoaren esklabo bihurtzen dira. Eta horrek mesfidantza kronikorako bideak zabaltzen dizkie herritarrei.

Desberdintasunak desberdintasun, ordea, badago nolabaiteko oinarri komun bat, nolabaiteko orube komun bat: etorkizuna. Gizarteak etorkizuna irudikatzen duenean, batez ere, itxaropenari eta oparotasunari eutsi ahal izateko nahia nagusitzen da. Eta kezka horrek eramaten gaitu bozketetan parte hartzera eta sistema antolatzen inplikatu nahi izatera.

Datozen lau urtetarako, joera berriak ageri dira egoera politikoan. Hala ere, irabazi nahiz oposizioan egon, bada guztientzat lan egiteko aukera Udaletan edo Foru Aldundian. Zintzotasuna eskatzen diet politikari guztiei, garaile direnei eta ez direnei. Ongizate publikoa ardatz izanik, entrega, sakrifizioa, malgutasuna, borondatea, elkarlana eta antzeko hitzak edukiz beteta nahi ditut, datozen urteotan, haien aho eta jardueratan. Dena den, politikarien eskuetan botere handia biltzen dela iruditzen zait, baina, ongi dakigunez, hauteskundeak ez dira tresna bakarra gizartea aldatzeko. Nire ustez, gizartearen inplikazioa gero eta tresna eraginkorragoa da eraldaketarako.

Pozten nau pentsatzeak, hainbeste alderdi desberdin egotean, guztiok izan dugula zerbait bozkatu eta erabakitzeko aukera. Gure egunerokoan lasaitasuna, apaltasuna, presarik eza, begirunea, parte-hartzea, enpatia eta antzeko hitzak txertatzen joan beharko gara. Eta aniztasun horretatik abiatuta, ea lortzen dugun herritar guztiak askoz eraikitzaileagoak izatea, etorkizuna osatzen joateko. Hala, herria anitzagoa eta aberatsagoa izango baita!

Aiurri Aldizkarian Argitaratua, 2015-06-05

2015(e)ko martxoaren 23(a), astelehena

10 egunez eta gauez, korrika!

Goiz esnatu gara Korrika 19an parte hartzeko. Ordu seinalatua iritsi da, korrikako elastikoa soinean eta herritarrak herriko kaleetan. Badator furgoneta koloretsua, bidea irekiz.

Mundu bat datorrela dirudi; Abdul, Shawani, Maddi, Peru eta Joxe Mari. Euskaldun zahar nahiz berri. Herria zeharkatu dugu, irriz, kantuz eta adierazpenez beteta. Badakigu, Bilbora iritsi arte hamaika herritar eta herri pasatuko dituela bidean, euskara hitz hartuta. Hamar egunez, bailaraz bailara, kilometroz kilometro, eskuz esku ibili ondoren, Bilbon itsasoratuko da euskararen olatua hartuta.

Euskararen ikur ederrenetako bat bihurtu da Korrika. Bi urtean behin zeharkatzen du euskal herria alderik alde, euskaldun komunitatearen premiak eta ametsak agerian utziz. Oztopoei aurre eginez egin du bidea Korrikak, 1980an Oñatitik lehen aldiz abiatu zenetik. Joxe Miguel Barandiaranek, euskal etnografiaren eta folklorearen ikerketen maisuak ez zuen inondik ere irudikatuko, munduan zehar noraino iritsiko zen korrikaren deiadarra.

Jakina da, garaiak aldatuz eta egokituz doazela. Irudimenez eta eskuzabaltasunez, Korrikak ere bidea egin du horretan. Hala ere garaiak garai, Oñatitik irten zen lehen eguneko esanahi berbera du oraindik orain. Kirola eta aldarria. Euskal herriaren eta euskararen lotura emozionala. Ez da lehenengo aldia kirola eta aldarrikapena eskutik doazela Euskal Herrian. Jakinekoa da jendea zirrarek mugitzen dutela; baina pentsatzen ez genuena da euskal kulturaren oinarrizko ezaugarri bilakatuko zela Korrika. Euskaldunak munduan egoteko modu bat azaleratuko zuela, modu aktiboan, baketsuan, partaidetzazkoan, hobekuntzari begira, berdintasunean oinarritua eta garapen pertsonala zein kolektiboa helburu izango zituena.

Horretarako, ezinbestekoa izan da jaia izatea. Izan ere, jai batean parte hartzen duenak gauza asko partekatzen ditu; lurralde bat, sentimendu batzuk eta sinesmenak. Jaia identitatearen ospakizun bat da, hau da egon, bizi, sentitu eta elkarrekin sortzearena.
Ordudanik, Korrikak ekimen ugari burutu ditu gure artean eta Euskal herritik at ere, atzerrian bizi diren euskaldunek edo euskal diasporako kideek bultzatuta. Horretaz gain, Korrikarekin batera bada ziberKorrika izeneko ekimena ere. Munduko txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosteko aukera duena. Hau gutxi balitz, aurten, gainera, nahi duenak irudiak bidali eta uneko argazkiak webgunean erakusteko aukera ere badu, irauten duen egunetan, App-korrikarekin: korrikara abestia deskargatu, korrika kulturalaren agenda ikusi, martxoaren 19tik 29ra unean-unean lekuko eramailea zein den, non dagoen ikusi. #korrika edo #korrika19 traolak erabilita osatuko dugu Interneten ere korrika birtual baten komunitate paraleloa.

Hala ere, aurrerapenak aurrerapen, euskara galtzearen arriskua hor dugu. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratuak dira oraindik orain. Euskal komunitatea bizirik mantentzeko oinarrizkoa da, euskaraz hitz egin, bizi eta parte-hartzea gero eta handiagoa izatea. Era berean azpimarratu nahi nuke iraupenerako oso garrantzitsua dela aktibismoa ere, hau da, Korrika bezalako ekimenak gure esku artean izatea.

Bukatzear dagoena hemeretzigarrena izango da. Ziur nago Korrika arrakastatsua izango dela bailara batetik bestera, gurean izan bata. Hala ere, badugu bidea euskaldun izaten eta euskalduntzen. Nire, zure, gure eta haien ahalegin pertsonalak batuz, auzolanean euskaraz eginez eta eraginez. Euskara, kanpora!

Atarian argitaratua, 2015-03-23