2017(e)ko otsailaren 14(a), asteartea

"Goizero, maitasun egarria daukat"

Esnatu orduko hemen izango bazina, 
gosaltzeko zuku bat prestatuko nizuke.
Ezinbesteko otordu bat. 
Nire lurretan, harrapatuta geratu zintezen.
Zuku bat zuretzat, gozoa eta garratza:
laztanekin, bekatuekin, muxuekin, desioekin…
tentazioen zukua.
Ohean jolastuko genuke, bihotzak herdoildu ez daitezen.
Gure azalak elkartu, eta zure izkin guztiak arakatuko nituzke.
Zure gorputzean nomada bat izango nintzateke;
bideak eginez, zure kaleetan galduz, bazterrean suak piztuz.
Bidegurutzera iristean, norabide ezberdinetan larrua joz.
Biluzik, aztarnak utziz, isiltasunean xuxurlatu
eta belarrian zure hitzak entzun.
Zure ezpainetan dantzatu,
laztanak eta atzamarrak zure gorputzean tatuatu.
Amaierarik gabe paradisuan biziz,
eta bekatuen lurraldean naufrago bihurtuz.
Goizero esnatzean zeru hori bilatzen dut,
paradisu horretara joateko harresia saltatu nahi dut.
Desiozko malko hauek lehortu eta aberri horretan ito.
Tentazioen bailaran.
Goizero,
Nahi baduzu zure alboan izango naiz.
Gosaltzeko zuku gozo bat egingo dizut,
zuk ere egarria izan ez dezazun!

Iyuya Urrutia (2016 urria) #KulturDealers proiektuan hautatuko nire poema bat.

Gabonetan badira aulki deserosoak!

Ezin ukatuko dut gustatzen zaizkidala Gabonetan kalean zintzilik ipintzen dituzten argiak. Beti sorrarazi izan didate sentimen bero bat, oroimin puntu bat. Senitartekoak laster batzeko ilusioa ekartzen dit, eta inguruan dauden mamuek argiztatzen dituztela edo iruditzen zait. Baina egun hauetan Gabonetako argiei begiratzean, kontzientzia hozkadaka dudala nabaritzen dut.
Izan ere, urteak amaitu behar duen horretan badut ohitura aspalditik ditudan lagun minekin elkartzeko; urte berri bati hasiera ematen diogunez, zoriona eta zorte ona opatzeko. Adiskidetasunak, ordea, badu askotan bizitza ziztatzeko joera. Elkar topatu orduko, lehen hitz hotzetan, ahots tonu serio eta apalean “medikuak esan dit minbizia dudala” lagunak esaten dizunean, ez duzu espero, ez duzu entzun nahi. Eta zartakoa, nahigabea, bihotz erdiraino sartzen zaizu!
Zoritxarrez, minbizia lehen baino gehiago eta nahi baino gehiago darabilgu inguruan. Konturatzerako, geroz eta gertuago sentitzen dugu! Ia etxe guztietan dago pasatu duen edo une honetan bizitzen ari den norbait. Eta jakin badakit, daramagun martxan, ohartu orduko baimenik eskatu gabe etxean ate joka izango dudala.

Bizitzan jasaten diren kolpeak askotarikoak dira, eta horrelako berri batek kontzientzia astintzen dizu, nahi ala ez! Urte hondarrean eta horrelakoetan akordatzen gara, berriz ere, datorren urtea ez dela denontzat berdina izango.

Badira, urte zaharra agurtu eta berria hasteko unean, lau urteko alaba zainketa intentsiboetako unitatean izango dutenak, badira betiko laguna ikusi ahal izateko milaka kilometrotako joan-etorrian izango direnak, heriotzaren ondorioz aita ondoan izango ez dutenak edo, langabeziaren eraginez, semea Estatu Batuetan dutenak, Alzheimerrak jota amona zahar-etxean utzi behar izan dutenak eta, gurean ohikoak diren politika kontuak direla-eta, etxe barruko liskarrengatik elkartu ere egingo ez diren senitartekoak. Horixe da aulki hutsaren sindromea! Hau da, arrazoi ezberdinengandik mahaian ondoan falta duzun pertsona maite baten hutsunearen atsekabea.

Kalera begiratuta, ostera, badirudi urte berria betiko mezuekin datorrela; kontsumismoaren itzal eskergarekin eta egunak topera bizi behar direlako irudipenarekin: Hori da hori kulero gorriak jantzi, xanpain basoan eraztun bat sartuta edan, azalik eta pipitarik gabeko 12 mahats jan, kalean suziriak jaurti eta kotilioietan azken temazoak dantzatuz hasi beharra! Bada egun hauek Maldivasen marrazoen artean bainua hartzen igaroko dituenik ere. Nahiz eta Gabonen aitzakian denetarik kabitu, badirudi bizi ditugun garaiotan luxuzko eta plazerez betetako bizitza bat erakustea dela joera nagusia. Hau da, hobe dela kanpaikaden orduan Espainiako Telebistako Cristina Pedrocheren soineko gardenarekin “trending topic”-ak egiten ibiltzea, giza baldintzen egoerari erreparatu baino. Gaur egungo Homo consumus-en urtea hasteko modua!

Nahiz eta askotan beste irudi bat eman nahi den, argi daukat kaleko zalaparta horretaz gain bestelako Gabonak ere badirela. Eta gauzak soberan ez dauden garai hauetan, iluntasunari errazago egiten diogu aurre, normalean ikusi nahi ez ditugun hainbat bidegabekeria argipean jarriz.

Gogoeta honen ondorioz, erabaki dut kanpaikadak whatsapp bat bidaliz hasiko ditudala! Azkenaldian ospitaleko aulki deserosoan, begi lehor eta azal zuriz, alabari begira denbora asko pasatzen duen lagunari urte hobea desiratuko diot. Urtea amaitzera doan honetan, sufrimenduak eta une latzak errenkadan igaro dituzten horien irakaspena datorkit burura; maiz esaten baitidate: “ospatu bizitza, Iyuya!”

Ahal dudan neurrian horretan saiatuko naiz, urte amaierarekin, ziklo bat itxi eta berria zabaltzen saiatu behar omen gara-eta. Egunerokoan bete-betean murgilduta egon baino, maite ditudanekin egon eta alboan dudanari laguntzen saiatuko naiz. Dagokidan aulkian eseri, eta mahi buelta argitzen saiatuko naiz! Urte berri on denoi!


AIURRI Aldizkaria, 2017ko urtarrila



2016(e)ko azaroaren 4(a), ostirala

Eta zu? Zein tributakoa zara?

Beti egon izan dira tribu urbanoak edo talde sozialak. Hippietatik hasi eta raverretara, punkyetatik pasata, rokerrak, pijoak, makineroak, skinheadak, heavyak, grungeak, okupak, hackerrak, fashionak eta hain zehatz etiketatu gabeko beste hainbat estilotakoak. Historian zehar ikusi dugu batzuek zein besteek presentzia handiagoa edo txikiagoa izan dutela agertoki publikoan.

Gogoan ditut institutura joaten nintzenekoak. Gu ez ginen Yankee-ak bezalakoak: guayak zirenek ez zizkieten liburuak lurrera botatzen ikasle onei, eta birjintasuna ez genuen galtzen ikasturte amaierako dantzaldietan. Nire esperientziaren arabera, heldu gabeko erretzaile talde bat ginen, gutxi definitutako estetika bat zuena. Zehatz-mehatz zer izan nahi genuen ez genekien, baina pentsatzen genuen bi urte haiek ahalik eta modu errazenean gainditu behar genituela, unibertsitatera birjinitatea galduta iristeko. Gure etnia hark ez zuen izenik; baina rocka entzun (euskal rock erradikala), gaztetxeetan murgildu eta mundua aldatu nahi genuen. Dagoeneko nostalgiaz eta maitasunez oroitzen naiz hartaz. Horrek ez dit eragiten, ordea, tribu urbano berriak gutxiesteko inolako arrazoirik.

Ondorenean etorri ziren fauna exotikoagoak. Errazen identifikatzen zirenen artean zeuden gotikoak, azkenean beltzez jantzitako jende normala gertatu zirenak; baita emoak ere eta, haien atzetik, raperoak, Europako arropen neurria argi ez zuen jendea.

Tribu bakoitzak bere identitatea osatzeko jarraibideak izaten ditu. Kasu gehienetan, jantzi jakin batzuen bidez, gustu-kontuekin eta portaera zehatz batzuen bitartez definitzen dira. Hala ere, iruditzen zait gaur egun modarekin oso lotuta daudela, eta tendentziek eta komunikatzeko moduek gero eta garrantzi handiagoa dutela; agerikoa da sare sozialek, Internetek, bideo-jokoek eta komunikabideek duten eragin handia.

Aldaketa sozial eta kultural berri horien bitartez, beste adierazpen-modu batzuk etorri dira, eta online-tribu izenez ezagutzen direnak sortu dira: Geek-ak, Troll-ak, Gamer-ak, Hacker-ak, Blogariak, Youtuberrak eta, azkenetan azkenak, Instagramer-ak. Egia esan, Blade Ranner sindromea gogorarazten didate: erdi artifiazalak eta erdi gizakiak.

Neurririk gabeko abiaduran hazten ari diren tribu urbano berriak sare sozialen eta Internet bidez elkartu daitezke. Orain, konbentzioak 2.000 pertsonatik gorakoak izaten dira eta dena Instagramen jartzen dugu. Orain, fashionagoak gara eta ez dugu kontrakultura egin beharrik; aitzitik, antzinako identitate-kulturarekin alderatuta, bizitzaren gure ikuspegia irudiari lotuago dago, beti inauteriak balira bezala. Zigmaunt Baumam-ek dioenez, “guztia transformatzen den gizarte batean bizi gara eta etengabeko aldaketan dagoena”. Dena epe motzean egin nahi dugu, indibidualismoak agintzen du eta guztiek ikusten gaituztela sentitu nahi dugu. Eta Internet pasarela egokia da horretarako, une bakoitzean look aproposa erakusteko.

Joan den astean kontzertu batean izan nintzen, eta konturatu nintzen azkenetan azkena dela alternatiboa, sofistikatua edo vintage izatea, kultura-girotik hurbil egotea eta joera teknologikoekin harreman estua izatea. Ez dute mugikorra askatzen; bizar luzeak, pastazko betaurrekoak (batzuetan kristalik gabeak), koadrozko alkandorak, larruazal zuria, pixka bat running-ak, garagardo ekologikoa eskuan, ingelesezko hitzak mingainaren puntan, eta antza denez, hashtag-ekin obsesionatuak. Hipster-ak, Muppie-ak edo Ameliren itxurakoak ziren bertan zeudenak.


Talde sozialetan beti izan da garrantzitsua egunean egotea. Kasu askotan goraldiak izaten dituzte, gero desagertzeko; hain zuzen ere, eraldatu edo beste tribu batean integratzea izan da joera. Izan ere, nahi ala ez, Justin Bieber hazi egingo da eta ez du gehiago kantatuko. Noski, artikulu hau irakurri bezain azkar, seguruenik beste hiru sortuak izango dira munduan. 

2015(e)ko abenduaren 22(a), asteartea

Horra hor, Gure Olentzero!


Nahiz eta datuak egunero aldatu, gure ikazkinaren ibilerak baditu  bai zenbaki batzuk Interneteko mundu birtualean. Sareko bilatzaile arrakastatsuenak, Googlek, 440.000 emaitza bueltatzen dizkigu, bilatzaileko laukitxoan Olentzero hitza tekleatzen badugu eta gutxiago, noski, beste aldaera batzuk aukeratzen baditugu: Olentzaro, Olentzago, Orantzaro, Onontzaro, Onentzaro ,...

Interneten hamaika aipamen daude, euskal kondaira honen inguruan: haurrentzako gutunak, postalak, bideoak, lan didaktikoak, artikulu zientifikoak, jolas interaktiboak, eztabaida etnografikoak...Hobe dugu Olentzeroren Interneteko arrastoa hemen uztea, ustekabean egoera konprometitu batean harrapatu baino lehen!

Ikusitako irudi, eduki eta informazioen arabera, badirudi Olentzeroren mitoa askotan Euskal Herriko Papa Noel gisara moldatu nahi dugula, azken urteotako globalizazioaren edo amerikanizazio kulturalaren eraginez; Interneten begiratu besterik ez dugu!

Ezer gutxi geratzen zaigu, mende hasierako Olentzero eskale, mozkor eta zakar hartatik. Euskal Herrian desagertzen ari den susmoa dut, azken urteotan hedatu den Olentzero zintzo, garbi eta eskuzabalak lekua hartu diola dirudi. 


Egia da bilakaera handia izan duela Lesakan jaio eta Iruñean plazaratu zen pertsonaia honek. Hasieran, Frankismo garaiko urteetan debekatuta egon zen, euskal abertzaletasunaren ikur kontsideratzen zutelako. Gero, 1956an Iruñean aurkeztu zuten, lehen aldiz, eta hamarkada hartan Euskal Herrian zabalduz joan zen tradizioa; neurri handi batean, ikastolen gizarte-mugimenduari esker.

Ni oso pozik nago Gabonetako geure sinboloa badugulako, baina hasierako pertsonaiak eta gaur egun ospatzen dugunak antz gutxi dutela ere esan behar dut. Olentzeroren mitoa oso lotuta egon da naturarekin, euskaldunok mendeetan hala bizi izan baikara. Nahiz eta gaur egun asko hiritartu, bere jatorrian neguko solstizioarekin lotutako errito bat zen, hau da eguzkiaren etorrerarekin! Gero, ordea, eliza katolikoa hartaz jabetu, eta Olentzero mesiasen berriemaile bihurtu zuen, bide batez, Olentzero kristautuz; nire ustez, okerrerako!

Gazte eta helduen ohitura zena, haurrei begira egiten hasi zen gero. Askok, Olentzero euskalduntzat eta Erregeak espainoltzat hartu, eta buruz buru jarri izan dituzte eta jartzen dituzte. Lehia horretan, ordea, orain ere haurrak garaile, opari bikoitza izaten baitute.

Hurrena bikotea bilatzea izan da: Mari Domingi dugu emakumezko pertsonaia berria. Olentzerorekin batera ekartzen omen ditu opariak edo gutxienez laguntzen dio. Mari Domingi nor zer ez dugu oso garbi, baina Olentzero gizonezkoa denez, berdintasunaren bidean emakumezko pertsonaia bat jarri behar izan diogu. Baina hau beste eztabaida bat da!

Telebistak, berriz, pipa kendu dio, ez baita batere itxura onekoa, erretzeko debekuen aroan haurren aurrean “pipa ortzian duela” ibiltzea. Eta, jakina, Bilboko Olentzero berritzaileak, ez ardo botilarik eta ezta arrautzarik ere. Hemendik aurrera geratzen zaiguna da, dietan jarri, gorputz lirain eta tripa handirik gabe, Gutagutarrak telesailean agertzea, bere izen txarra ezabatzeko.

Oraindik badugu lana Olentzero hau otzantzen! Egia da ohiturak moldatu, egokitu eta erabiltzean aldatu egiten direla. Beharrezkoa izaten da, ohitura zaharrak eta tradizioa bizirik irauteko modernizazio dosi batzuk gehitzea, baina garrantzitsua da, era berean, geure ondareari eustea.

Gaur egun, hiritarrak ez gaude naturarekin hain lotuta, baina gustatuko litzaidake haurrei gure ospakizuna azaltzen diegunean hau guztia ere transmititzea. Jakina, ez dugu ahaztu behar hau biltzen duen magia eta euskaldun-sena. Beraz, sortzen ari garenaz pentsatuz eta izandakoari ere begiratuz ospatzea nahi nuke; eta ez janzkera, moda, kontsumo, interes eta abenduko joera estilistikoen araberako panpin bakarrik bihurtzea.

Aiurrin argitaratua, 2015-12-22

2015(e)ko ekainaren 5(a), ostirala

Amaitu dira hauteskundeak!

Amaitu dira hauteskundeak! Atariko gutunontziak hustu, irrati-telebistako derrigorrezko spotak amaitu eta ez ditugu alderdi politikoak gehiago sare sozialetan kukuka entzun behar. Politikarien egun hauetako diskurtsoetan hitz hutsak, itxurakeria eta marketin politikoak nagusitu zaizkigun sentsazioa dut. Hori dela-eta, pertsona asko aspertuta azaldu gara behin eta berriz errepikatu dizkiguten betiko kalapitak entzuteaz; beste batzuk, aldiz, inplikazio politiko handiz bizi izan dituzte une hauek. Kanpainek, kanpai! eragiten dute, bai jarreretan bai eta jokabide politikoan ere.


Hauteskunde hauei erreparatuz gero, bozkatzeko garaian jarrera oso ezberdinak izan ditugu. Horren adierazle izan da herritarrek alderdi desberdinei bidalitako mezua: aniztasuna izan da nagusi hauteskunde hauetan, hau da, ez gara homogeneoak. Aitzitik, begirada ezberdinak daude gure bizitzetan, batzuen eta besteen artean, eremu sozial askotarikoak, iritziak, bizi-baldintzak, zaletasunak, kezkak eta pentsaerak. Mosaiko konplexua osatzen dugu gizartean. Zenbat buru hainbat aburu!

Hemendik aurrera, herri askotan, politika egiteko eta akordioak lortzeko modu eta helburu desberdinak topatuko ditugu. Halaz ere, bizitza publikoa antolatzeko orduan, politikak garrantzi handia duela onartzeak ez du lausotzen kritiken edukia. Politikaren eta politikarien itzal luzea nabarmenduz joaten da lau urteen amaiera gerturatu ahala. Badirudi herritarrak boto bat besterik ez garela. Herritarren eta norbanakoen hitza kontuan hartuko dela esan, eta, politikariek ardurak hartu ahala, alderdiek irensten dituzte eta hegoak moztu. Gizarte-kezkak dituen boluntario bat izatetik, alderdi politikoaren esklabo bihurtzen dira. Eta horrek mesfidantza kronikorako bideak zabaltzen dizkie herritarrei.

Desberdintasunak desberdintasun, ordea, badago nolabaiteko oinarri komun bat, nolabaiteko orube komun bat: etorkizuna. Gizarteak etorkizuna irudikatzen duenean, batez ere, itxaropenari eta oparotasunari eutsi ahal izateko nahia nagusitzen da. Eta kezka horrek eramaten gaitu bozketetan parte hartzera eta sistema antolatzen inplikatu nahi izatera.

Datozen lau urtetarako, joera berriak ageri dira egoera politikoan. Hala ere, irabazi nahiz oposizioan egon, bada guztientzat lan egiteko aukera Udaletan edo Foru Aldundian. Zintzotasuna eskatzen diet politikari guztiei, garaile direnei eta ez direnei. Ongizate publikoa ardatz izanik, entrega, sakrifizioa, malgutasuna, borondatea, elkarlana eta antzeko hitzak edukiz beteta nahi ditut, datozen urteotan, haien aho eta jardueratan. Dena den, politikarien eskuetan botere handia biltzen dela iruditzen zait, baina, ongi dakigunez, hauteskundeak ez dira tresna bakarra gizartea aldatzeko. Nire ustez, gizartearen inplikazioa gero eta tresna eraginkorragoa da eraldaketarako.

Pozten nau pentsatzeak, hainbeste alderdi desberdin egotean, guztiok izan dugula zerbait bozkatu eta erabakitzeko aukera. Gure egunerokoan lasaitasuna, apaltasuna, presarik eza, begirunea, parte-hartzea, enpatia eta antzeko hitzak txertatzen joan beharko gara. Eta aniztasun horretatik abiatuta, ea lortzen dugun herritar guztiak askoz eraikitzaileagoak izatea, etorkizuna osatzen joateko. Hala, herria anitzagoa eta aberatsagoa izango baita!

Aiurri Aldizkarian Argitaratua, 2015-06-05

2015(e)ko martxoaren 23(a), astelehena

10 egunez eta gauez, korrika!

Goiz esnatu gara Korrika 19an parte hartzeko. Ordu seinalatua iritsi da, korrikako elastikoa soinean eta herritarrak herriko kaleetan. Badator furgoneta koloretsua, bidea irekiz.

Mundu bat datorrela dirudi; Abdul, Shawani, Maddi, Peru eta Joxe Mari. Euskaldun zahar nahiz berri. Herria zeharkatu dugu, irriz, kantuz eta adierazpenez beteta. Badakigu, Bilbora iritsi arte hamaika herritar eta herri pasatuko dituela bidean, euskara hitz hartuta. Hamar egunez, bailaraz bailara, kilometroz kilometro, eskuz esku ibili ondoren, Bilbon itsasoratuko da euskararen olatua hartuta.

Euskararen ikur ederrenetako bat bihurtu da Korrika. Bi urtean behin zeharkatzen du euskal herria alderik alde, euskaldun komunitatearen premiak eta ametsak agerian utziz. Oztopoei aurre eginez egin du bidea Korrikak, 1980an Oñatitik lehen aldiz abiatu zenetik. Joxe Miguel Barandiaranek, euskal etnografiaren eta folklorearen ikerketen maisuak ez zuen inondik ere irudikatuko, munduan zehar noraino iritsiko zen korrikaren deiadarra.

Jakina da, garaiak aldatuz eta egokituz doazela. Irudimenez eta eskuzabaltasunez, Korrikak ere bidea egin du horretan. Hala ere garaiak garai, Oñatitik irten zen lehen eguneko esanahi berbera du oraindik orain. Kirola eta aldarria. Euskal herriaren eta euskararen lotura emozionala. Ez da lehenengo aldia kirola eta aldarrikapena eskutik doazela Euskal Herrian. Jakinekoa da jendea zirrarek mugitzen dutela; baina pentsatzen ez genuena da euskal kulturaren oinarrizko ezaugarri bilakatuko zela Korrika. Euskaldunak munduan egoteko modu bat azaleratuko zuela, modu aktiboan, baketsuan, partaidetzazkoan, hobekuntzari begira, berdintasunean oinarritua eta garapen pertsonala zein kolektiboa helburu izango zituena.

Horretarako, ezinbestekoa izan da jaia izatea. Izan ere, jai batean parte hartzen duenak gauza asko partekatzen ditu; lurralde bat, sentimendu batzuk eta sinesmenak. Jaia identitatearen ospakizun bat da, hau da egon, bizi, sentitu eta elkarrekin sortzearena.
Ordudanik, Korrikak ekimen ugari burutu ditu gure artean eta Euskal herritik at ere, atzerrian bizi diren euskaldunek edo euskal diasporako kideek bultzatuta. Horretaz gain, Korrikarekin batera bada ziberKorrika izeneko ekimena ere. Munduko txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosteko aukera duena. Hau gutxi balitz, aurten, gainera, nahi duenak irudiak bidali eta uneko argazkiak webgunean erakusteko aukera ere badu, irauten duen egunetan, App-korrikarekin: korrikara abestia deskargatu, korrika kulturalaren agenda ikusi, martxoaren 19tik 29ra unean-unean lekuko eramailea zein den, non dagoen ikusi. #korrika edo #korrika19 traolak erabilita osatuko dugu Interneten ere korrika birtual baten komunitate paraleloa.

Hala ere, aurrerapenak aurrerapen, euskara galtzearen arriskua hor dugu. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratuak dira oraindik orain. Euskal komunitatea bizirik mantentzeko oinarrizkoa da, euskaraz hitz egin, bizi eta parte-hartzea gero eta handiagoa izatea. Era berean azpimarratu nahi nuke iraupenerako oso garrantzitsua dela aktibismoa ere, hau da, Korrika bezalako ekimenak gure esku artean izatea.

Bukatzear dagoena hemeretzigarrena izango da. Ziur nago Korrika arrakastatsua izango dela bailara batetik bestera, gurean izan bata. Hala ere, badugu bidea euskaldun izaten eta euskalduntzen. Nire, zure, gure eta haien ahalegin pertsonalak batuz, auzolanean euskaraz eginez eta eraginez. Euskara, kanpora!

Atarian argitaratua, 2015-03-23