Nahiz
eta datuak egunero aldatu, gure ikazkinaren ibilerak baditu bai zenbaki batzuk Interneteko mundu
birtualean. Sareko bilatzaile arrakastatsuenak, Googlek, 440.000 emaitza
bueltatzen dizkigu, bilatzaileko laukitxoan Olentzero hitza tekleatzen badugu
eta gutxiago, noski, beste aldaera batzuk aukeratzen baditugu: Olentzaro,
Olentzago, Orantzaro, Onontzaro, Onentzaro ,...
Interneten
hamaika aipamen daude, euskal kondaira honen inguruan: haurrentzako gutunak,
postalak, bideoak, lan didaktikoak, artikulu zientifikoak, jolas interaktiboak,
eztabaida etnografikoak...Hobe dugu Olentzeroren Interneteko arrastoa hemen
uztea, ustekabean egoera konprometitu batean harrapatu baino lehen!
Ikusitako irudi, eduki eta informazioen arabera, badirudi
Olentzeroren mitoa askotan Euskal Herriko Papa Noel gisara moldatu nahi dugula,
azken urteotako globalizazioaren edo amerikanizazio kulturalaren eraginez;
Interneten begiratu besterik ez dugu!
Ezer gutxi geratzen zaigu, mende hasierako Olentzero
eskale, mozkor eta zakar hartatik. Euskal Herrian desagertzen ari den susmoa dut,
azken urteotan hedatu den Olentzero zintzo, garbi eta eskuzabalak lekua hartu
diola dirudi.
Egia da bilakaera handia izan duela Lesakan jaio eta
Iruñean plazaratu zen pertsonaia honek. Hasieran, Frankismo
garaiko urteetan debekatuta egon zen, euskal abertzaletasunaren
ikur kontsideratzen zutelako. Gero, 1956an Iruñean aurkeztu zuten, lehen aldiz,
eta hamarkada hartan Euskal Herrian zabalduz joan zen tradizioa; neurri handi
batean, ikastolen
gizarte-mugimenduari esker.
Ni
oso pozik nago Gabonetako geure sinboloa badugulako, baina hasierako pertsonaiak
eta gaur egun ospatzen dugunak antz gutxi dutela ere esan behar dut. Olentzeroren
mitoa oso lotuta egon da naturarekin, euskaldunok mendeetan hala bizi izan baikara.
Nahiz eta gaur egun asko hiritartu, bere jatorrian neguko solstizioarekin
lotutako errito bat zen, hau da eguzkiaren etorrerarekin! Gero, ordea, eliza
katolikoa hartaz jabetu, eta Olentzero mesiasen berriemaile bihurtu zuen, bide
batez, Olentzero kristautuz; nire ustez, okerrerako!
Gazte eta helduen ohitura zena, haurrei begira egiten
hasi zen gero. Askok, Olentzero euskalduntzat eta Erregeak espainoltzat hartu,
eta buruz buru jarri izan dituzte eta jartzen dituzte. Lehia horretan, ordea,
orain ere haurrak garaile, opari bikoitza izaten baitute.
Hurrena bikotea bilatzea izan da: Mari Domingi dugu
emakumezko pertsonaia berria. Olentzerorekin batera ekartzen omen ditu opariak
edo gutxienez laguntzen dio. Mari Domingi nor zer ez dugu oso garbi, baina Olentzero
gizonezkoa denez, berdintasunaren bidean emakumezko pertsonaia bat jarri behar
izan diogu. Baina hau beste eztabaida bat da!
Telebistak, berriz, pipa kendu dio, ez baita batere
itxura onekoa, erretzeko debekuen aroan haurren aurrean “pipa ortzian duela”
ibiltzea. Eta, jakina, Bilboko Olentzero berritzaileak, ez ardo botilarik eta ezta
arrautzarik ere. Hemendik aurrera geratzen zaiguna da, dietan jarri, gorputz
lirain eta tripa handirik gabe, Gutagutarrak telesailean agertzea, bere izen
txarra ezabatzeko.
Oraindik
badugu lana Olentzero hau otzantzen! Egia da ohiturak moldatu, egokitu eta
erabiltzean aldatu egiten direla. Beharrezkoa izaten da, ohitura zaharrak eta
tradizioa bizirik irauteko modernizazio dosi batzuk gehitzea, baina
garrantzitsua da, era berean, geure ondareari eustea.
Gaur
egun, hiritarrak ez gaude naturarekin hain lotuta, baina gustatuko litzaidake haurrei
gure ospakizuna azaltzen diegunean hau guztia ere transmititzea. Jakina, ez dugu
ahaztu behar hau biltzen duen magia eta euskaldun-sena. Beraz, sortzen ari
garenaz pentsatuz eta izandakoari ere begiratuz ospatzea nahi nuke; eta ez
janzkera, moda, kontsumo, interes eta abenduko joera estilistikoen araberako
panpin bakarrik bihurtzea.
Aiurrin argitaratua, 2015-12-22
Aiurrin argitaratua, 2015-12-22