Amaitu dira hauteskundeak!
Atariko gutunontziak hustu, irrati-telebistako derrigorrezko spotak amaitu eta
ez ditugu alderdi politikoak gehiago sare sozialetan kukuka entzun behar.
Politikarien egun hauetako diskurtsoetan hitz hutsak, itxurakeria eta marketin
politikoak nagusitu zaizkigun sentsazioa dut. Hori dela-eta, pertsona asko
aspertuta azaldu gara behin eta berriz errepikatu dizkiguten betiko kalapitak
entzuteaz; beste batzuk, aldiz, inplikazio politiko handiz bizi izan dituzte
une hauek. Kanpainek, kanpai! eragiten dute, bai jarreretan bai eta jokabide
politikoan ere.
Hauteskunde hauei erreparatuz
gero, bozkatzeko garaian jarrera oso ezberdinak izan ditugu. Horren adierazle
izan da herritarrek alderdi desberdinei bidalitako mezua: aniztasuna izan da
nagusi hauteskunde hauetan, hau da, ez gara homogeneoak. Aitzitik, begirada
ezberdinak daude gure bizitzetan, batzuen eta besteen artean, eremu sozial
askotarikoak, iritziak, bizi-baldintzak, zaletasunak, kezkak eta pentsaerak.
Mosaiko konplexua osatzen dugu gizartean. Zenbat buru hainbat aburu!
Hemendik aurrera, herri askotan,
politika egiteko eta akordioak lortzeko modu eta helburu desberdinak topatuko
ditugu. Halaz ere, bizitza publikoa antolatzeko orduan, politikak garrantzi
handia duela onartzeak ez du lausotzen kritiken edukia. Politikaren eta
politikarien itzal luzea nabarmenduz joaten da lau urteen amaiera gerturatu
ahala. Badirudi herritarrak boto bat besterik ez garela. Herritarren eta
norbanakoen hitza kontuan hartuko dela esan, eta, politikariek ardurak hartu ahala,
alderdiek irensten dituzte eta hegoak moztu. Gizarte-kezkak dituen boluntario
bat izatetik, alderdi politikoaren esklabo bihurtzen dira. Eta horrek
mesfidantza kronikorako bideak zabaltzen dizkie herritarrei.
Desberdintasunak desberdintasun,
ordea, badago nolabaiteko oinarri komun bat, nolabaiteko orube komun bat:
etorkizuna. Gizarteak etorkizuna irudikatzen duenean, batez ere, itxaropenari
eta oparotasunari eutsi ahal izateko nahia nagusitzen da. Eta kezka horrek
eramaten gaitu bozketetan parte hartzera eta sistema antolatzen inplikatu nahi
izatera.
Datozen lau urtetarako, joera
berriak ageri dira egoera politikoan. Hala ere, irabazi nahiz oposizioan egon,
bada guztientzat lan egiteko aukera Udaletan edo Foru Aldundian. Zintzotasuna
eskatzen diet politikari guztiei, garaile direnei eta ez direnei. Ongizate
publikoa ardatz izanik, entrega, sakrifizioa, malgutasuna, borondatea,
elkarlana eta antzeko hitzak edukiz beteta nahi ditut, datozen urteotan, haien
aho eta jardueratan. Dena den, politikarien eskuetan botere handia biltzen dela
iruditzen zait, baina, ongi dakigunez, hauteskundeak ez dira tresna bakarra
gizartea aldatzeko. Nire ustez, gizartearen inplikazioa gero eta tresna
eraginkorragoa da eraldaketarako.
Aiurri Aldizkarian Argitaratua, 2015-06-05