Beti egon izan
dira tribu urbanoak edo talde sozialak. Hippietatik hasi eta raverretara,
punkyetatik pasata, rokerrak, pijoak, makineroak, skinheadak, heavyak,
grungeak, okupak, hackerrak, fashionak eta hain zehatz etiketatu gabeko beste
hainbat estilotakoak. Historian zehar ikusi dugu batzuek zein besteek
presentzia handiagoa edo txikiagoa izan dutela agertoki publikoan.
Gogoan ditut
institutura joaten nintzenekoak. Gu ez ginen Yankee-ak bezalakoak: guayak
zirenek ez zizkieten liburuak lurrera botatzen ikasle onei, eta birjintasuna ez
genuen galtzen ikasturte amaierako dantzaldietan. Nire esperientziaren arabera,
heldu gabeko erretzaile talde bat ginen, gutxi definitutako estetika bat zuena.
Zehatz-mehatz zer izan nahi genuen ez genekien, baina pentsatzen genuen bi urte
haiek ahalik eta modu errazenean gainditu behar genituela, unibertsitatera
birjinitatea galduta iristeko. Gure etnia hark ez zuen izenik; baina rocka
entzun (euskal rock erradikala), gaztetxeetan murgildu eta mundua aldatu nahi
genuen. Dagoeneko nostalgiaz eta maitasunez oroitzen naiz hartaz. Horrek ez dit
eragiten, ordea, tribu urbano berriak gutxiesteko inolako arrazoirik.
Ondorenean etorri
ziren fauna exotikoagoak. Errazen identifikatzen zirenen artean zeuden
gotikoak, azkenean beltzez jantzitako jende normala gertatu zirenak; baita emoak
ere eta, haien atzetik, raperoak, Europako arropen neurria argi ez zuen jendea.
Tribu bakoitzak bere
identitatea osatzeko jarraibideak izaten ditu. Kasu gehienetan, jantzi jakin
batzuen bidez, gustu-kontuekin eta portaera zehatz batzuen bitartez definitzen
dira. Hala ere, iruditzen zait gaur egun modarekin oso lotuta daudela, eta
tendentziek eta komunikatzeko moduek gero eta garrantzi handiagoa dutela;
agerikoa da sare sozialek, Internetek, bideo-jokoek eta komunikabideek duten
eragin handia.
Aldaketa sozial eta kultural berri horien
bitartez, beste adierazpen-modu batzuk etorri dira, eta online-tribu izenez
ezagutzen direnak sortu dira: Geek-ak, Troll-ak, Gamer-ak, Hacker-ak, Blogariak,
Youtuberrak eta, azkenetan azkenak, Instagramer-ak. Egia esan, Blade Ranner sindromea gogorarazten
didate: erdi artifiazalak eta erdi gizakiak.
Neurririk gabeko abiaduran hazten ari
diren tribu
urbano berriak sare sozialen eta Internet bidez elkartu daitezke. Orain, konbentzioak
2.000 pertsonatik gorakoak izaten dira eta dena Instagramen jartzen dugu. Orain,
fashionagoak gara eta ez dugu kontrakultura egin beharrik; aitzitik, antzinako identitate-kulturarekin
alderatuta, bizitzaren gure ikuspegia irudiari lotuago dago, beti inauteriak
balira bezala. Zigmaunt Baumam-ek dioenez, “guztia
transformatzen den gizarte batean bizi gara eta etengabeko aldaketan dagoena”.
Dena epe motzean egin nahi dugu, indibidualismoak agintzen du eta guztiek
ikusten gaituztela sentitu nahi dugu. Eta Internet pasarela egokia da
horretarako, une bakoitzean look aproposa erakusteko.
Joan den astean kontzertu batean izan
nintzen, eta konturatu nintzen azkenetan azkena dela alternatiboa, sofistikatua
edo vintage izatea, kultura-girotik hurbil egotea eta joera teknologikoekin
harreman estua izatea. Ez dute mugikorra askatzen; bizar luzeak, pastazko
betaurrekoak (batzuetan kristalik gabeak), koadrozko alkandorak, larruazal
zuria, pixka bat running-ak, garagardo ekologikoa eskuan, ingelesezko hitzak
mingainaren puntan, eta antza denez, hashtag-ekin obsesionatuak.
Hipster-ak, Muppie-ak edo Ameliren itxurakoak ziren
bertan zeudenak.
Talde
sozialetan beti izan da garrantzitsua egunean egotea. Kasu askotan goraldiak
izaten dituzte, gero desagertzeko; hain zuzen ere, eraldatu edo beste tribu
batean integratzea izan da joera. Izan ere, nahi ala ez, Justin
Bieber hazi egingo da eta ez du gehiago kantatuko. Noski, artikulu hau irakurri bezain azkar, seguruenik beste hiru sortuak
izango dira munduan.