Sare sozialek gazteentzat/nerabeentzat duten garrantzia eta bertan agertzen diren norbere bizitzari buruzko adierazpenak kontuan izanik, bertan genero-desberdintasuna ere nabarmen islatzen dela azpimarratu behar da. Sare sozialak banakakoaren nortasunaren ispilu dira, hein berean dira, halaber, genero-identitatearen ispilu. Esango nuke neskek eta mutilek modu desberdinetan erabiltzen dituztela sare sozialak eta, are gehiago, indarkeria matxista presente dagoela gure gazteen harreman birtualetan ere.
Sare sozialetan kokatuz, bertan hedatuenak diren portaerak eta ereduak, iragarkietatik, zinetik, telebistatik... garraiatzen ditugunak dira. Horrela, estereotipo eta aurreiritzi matxistak edo sexista batzuk jarraitzen ditugu. Ikusi besterik ez dago Facebook, edo Instragram-erako egiten diren argazki edo selfie-ak. Maskulinitatea, gehienetan, indartsu, gogor, hezigaitz, menderatzaile eta aktibo itxurarekin azaltzen zaigu. Eta feminitatea, aldiz, maitagarri, sexy, atsegin eta gozo itxurarekin. Maitasunaren inguruan ere, fikzio erromantikoan ditugun sinesmen tradizional eta mito berberak sortzen dira. Batzuk aipatzekotan, hor ditugu laranja-erdiarena, maitasun idealarena eta amaiera zoriontsuarena. Badirudi, gaur egun gazte/nerabe askok ere ez dutela beste maitasun-irudirik, ez estereotiporik. Zoritxarrez, eredu horiek dira sare sozialetan ere transmititzen ari direnak.
Goffamanek (1979) antropologiari egindako ekarpenetako batean hala adierazi zuen: “nerabeek azkenean publizisten lanaren antzekoa egiten dute, errito bihurtzen dute jada errito dena, hau da, sozialki partekatzen ditugun genero-adierazpenak hartu eta berriz konfiguratzen dituzte, handituz. Beren burua aurkeztean paratze distiratsuak bilatzen dituzte eta, horretarako, publizitatea eta ikus-entzunezko beste formatu batzuetan agertzen diren gizonezkoen eta emakumezkoen irudikapenak hartzen dituzte erreferentzia; hau da, genero-estereotipoak errepikatzen eta birmoldatzen dituzte”.
Gazteek/nerabeek errealitatearen ezaugarriak berriz asmatzen dituzte, irudiaren eta edukiaren bidez; eredu eta mezu asko transmititzen dituzte sare sozialetan, Goffmanek esan bezala: zinematik, telesailetatik, telebistatik edo iragarkietatik hartuak. Beraz, esan dezakegu mundu birtual horretan ere berezitasunak ezartzen ari direla nesken eta mutilen artean. Sarean ere, desberdintasunerako eszenatoki berri bat eraiki da.
Azken finean, ordea, atzean dagoen arazoaren funtsak berdina izaten jarraitzen du. Zergatik? Bada sare sozialak jada existitzen den errealitate bat ikusgai egiten eta adierazten ari direlako: alegia, emakumeentzat eta gizonentzat leku desberdinak eskaintzen dituen gizarte baten errealitatea, askotan bikote-harremanak boterean oinarritzen dituena. Badirudi komunikazio-bide horietan sare sozialek eta Internetek zulo beltz bat baino gehiago dituztela alde horretan. Esango nuke, orokorrean, ikus-entzunezkoetan ere hala gertatzen dela. Esparru horretan berdintasunaren legeak ez du lekurik topatzen, ezta hezkuntza-irizpideek ere, eta ez dago gai horretan esku hartzeko protokolorik. Dagoena, tradiziotik datozen genero-estereotipoak dira, jarrera sexistak, bai diskurtsoetan eta bai irudietan.
Beti esan izan dut sare sozialek eta baliabide birtualek hezkuntzarako ahalmena dutela eta gaitasunak eskaintzen dituztela; betiere, aldi berean prebentzioko eta sentsibilizazioko ekintzak egiten badira, bai sare sozialetan eta bai Interneten ere. Gazteek/nerabek informazioa hautatzeko garaian begiak eta adimena adi-adi izatean datza kontua. Azken finean, giltzarria ez dago sare sozialetan, baizik eta familiaren eta hezkuntza formal nahiz informalaren esparruetan. Eremu horietan sustatu behar da berdintasuna eta jarrera sexistak errotik ezabatu.
Aiurrin argitaratua, 2014-11-11